Ekainaren 26–27
Bilbao Arena

OLA BBK ZENTROA

“Legends” jaialdiaren lehen lau edizioak (2016-2019) Sondikako Ola BBK Zentroan egin ziren.

Urte haietan, urtean bi egunez Ola BBK Zentroan ohorezko gonbidatuak izaten ginen, gure zorionerako. Eta, bi egun haietan, Olako erabiltzaileek zuzeneko musikaz gozatzen zuten eta beren etxera milaka pertsona eramaten zituen ekitaldi jendetsu batean parte hartzen zuten. Kanpotik joandakoak, berriz, txundituta geratzen ziren leku hori eta urte osoan bertan egiten den lana ikusita.

Jaialdia gune horretan eginez, askotariko ikusleak konektatzen ziren elkarrekin, hausnarketa sustatzen zen eta herritarrei interpelazioa egiten zitzaien, zentroan egindako gizarte-lana ikusgai bihurtzeko.

BBK Fundazioak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Lantegi Batuak eta Gorabide gizarte-erakundeekin koordinatuta, askotariko zerbitzuak ematen zituen Olan: lantegi okupazionalak, lanerako orientazioa, egoitzak eta eguneko zentroak, besteak beste.

“Legends”-ek ez du inoiz ahaztuko urte zoragarri haietan Olako erabiltzaileekin eta langileekin batera izandako bizipen atsegina, bai aurretiazko prestakuntzan bai jaialdian bertan. Bihotzez, MILA ESKER!